Eskolako jolastokia adeitsuago bat lortzeko ahalegina
Guztion artean jolastokiak hartzen duen espazioaren inguruan hausnarketa bultzatu nahi dugu eta gure buruari galdetu: hau al da haurtzaroan garatzeko behar den hezkuntza-espazio egokia?
Gure ustez jolastokiak espazio atsegina izan behar du, hezigarria, jolas aske eta autonomoa, sormena, gozamena eta garapen fisiko eta emozionala bultzatuko dituena.
Irudikatutako leku horretan guztiek izan behar dute espazioa eta protagonismoa, bai kirol aktiboarekin gozatzen dutenak, bai lasai egotea nahiago duten horiek ere, inor lekuz kanpo geratu gabe. Haur bakoitzak jolasteko, sozializatzeko eta besteekin elkartzeko lekua aurkitzeko aukera izan dezan. Ikasi eta esperimentatzeko lekua, joko inklusiboa, aniztasunaren errespetua, bizikidetza eta berdintasuna bultzatuko dituena.
"PATIO Proiektua" proiektu parte-hartzailea da, eta hezkuntza-komunitate osoak du bere eginkizuna: familiek, irakasleek, ikastetxeko irakasle ez diren langileek, Uharteko udalak eta nahi duten auzotar orok. Izan ere, patioa ez da eskola-erabilerara mugatzen, eskola-ordutegitik kanpo irekita egonagatik erabilera publikoa du, batez ere kirol eta jolaserako erabilia.
Proiektu honen bultzatzaile den talde eragile honetan parte hartzera animatzen zaitugu.
AURREKONTU PARTE-HARTZAILEETARAKO HAUTAGAITZAREN BIDEOA